XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nolanahi ere Kintanak batzordearen erabakia errespetatzen duela dio nahiz eta beretzat boto partikularra gorde.

Eztabaidaren ondoren hortaz batzordeak Espiritu Santu forma proposatzen du. Denak ados batzordearen proposamen honekin.

1.2.1. Hiztegi batuko esponja-expres zerrenda.

Zerrenda honi oharrak egin dizkiote P. Ondarrak, X. Kintanak eta E. Knô*rrek.

Kintanaren oharrak aztertu dira lehendabizi.

Estasi hitza dela eta, ekstasi proposatzen du. Sarasolak erantzuten dio esanaz lehenago erabakitako zerbait harrotzen hastea litzatekeela hori eta, beraz, lekuz kanpo dagoela. Kintanak kontu hau beste bilera baterako uztea proposatzen du. Hala ere bozkatu egin da batzordearen proposamena eta hau izan da emaitza: bai: 12 boto; ez: 5 eta zuri: 3. Beraz ez da onartzen Kintanaren proposamena.

Eszeptiko / eskeptiko eztabaida etorri da gero. Kintanaren proposamenaren kontra, puntu honetan, frantsesa eta gaztelania bat datozela aipatu da eta Euskaltzaindiak berak ere maileguak aipatzerakoan, bere garaian, eszeptiko hitza eman zuela adibide gisa. Bozkatu da eta honako emaitza izan da: batzordearen proposamenaren alde: 15; kontra: 2; eta zuri: 4.

Etxabere proposatzen du Kintanak, batzordearen kontra. Tradizioa, bere apurrean, bestelakoa dela erantzuten zaio. Botoetara jo da. Batzordearen proposamenaren alde: 15; kontra: 2; zuri: 2.

Eukalitu hitzak ere ekarri du eztabaida. Bi bozketa egin dira: a) pt- bai ala ez, lehendabizi. 18 boto izan ditu baiezkoak eta bat ere ez, ezezkoak. b) ondoren amaierako -o/-u-ri buruzko bozketa egin da. Emaitza honako hau: -pto-ren alde: 13 eta kontra: 3. Beraz, eukalipto forma onartu da.

Eurrez-i buruz, Kintanaren proposamena onartzen da: eurrez Bizk. ugari, franko

Eusko/euskotar hitzei buruzko eztabaida etorri da ondoren. Bozkatu ondoren, honako emaitza izan da: batzordearen proposamenaren alde: 15; kontra: 1 eta zuri: 3. Kintana jaunak bere protesta agirian jasotzea eskatzen du. Horrenbestez, jasoa gelditzen da.

P. Ondarraren lehendabiziko bi oharrak ontzat ematen dira. 3.a (etsamina) aurrerago eztabaidatuko da. Eta 4. oharra dela eta batzordeak berak etzinalde hitza zerrendatik kentzea erabaki du.

Ondoren E. Knô*rren oharrak aztertu dira. Honek esponja h. belaki ezartzea eskatzen du. Batzordeak biak parekotzat ematea ikusten du bidezko. Hala onartzen da.

Esposatu dela eta batzordeak bereari eusten dio. Kintanak eta Satrustegik biak, esposatu eta ezkondu ontzat ematea eskatzen dute. Botoetara eraman da eta batzordearen proposamenak 15 boto izan ditu. Kontra: 4 eta zuri: 2. Beraz zerrendan dagoen bezala gelditzen da hitza.

Espresuki / espreski bikotea izan da hurrengo eztabaidagaia.

Batzordea, berez, biak onartzearen aldeko agertzen da. Bozketa bat ere egin da, baina azkenean, lekukotasun egokiak behar zirela eta arazo osoa hurrengo bileran erabakitzeko utzi da. Hortaz, batzordeak ordurako ekarriko du proposamen berria.